Pleura aurkezten digu "Bakarrilketa"

Proiektu hau 2018an jaio zen, Nafarroa iparraldean. Ion eta Olaiak, euren lehenagoko taldea, “Lamia”, alde batera utzi eta lan berri bati hasiera ematea erabaki zuten, lehen lantzen zuten folketik haratago soinu gogorragoak bilatuz Unai eta Julenekin batera.

Rocka jotzen dugu batez ere, gitarraren eta ahotsaren arteko tengabeko elkarrizketen bila, beti oinarri gogor eta zuzenarekin. Kide bakoitzaren urreko taldeek gure konposizioetan izan duten eragina ikus daiteke (Katez, Estu & Larri, Natali, Beste Urtaroak, Lamia, Oharkabe…), eta, hala, ukitu metaleroak eta bluseroak ematen dira batez ere.
“Bakarrilketa” diskoa (hitzez-hitzezko itzulpenean norberaren hilketaren antzeko zerbait izango litzateke) kide bakoitzaren barnekoena kanporatzeko sortu zen, arazo pertsonalak gutxien ikusten diren (edo ikustarazten diren) gizarte-arazoekin nahasteko premiarekin. Gaien eta harmonien gris-eskala batek zehaztu zigun, konturatu gabe, zer den musika guretzat: askatasuna, bakardadea, intentsitatea, komunikazioa, apustua eta, nahi ez izanik ere, mendekotasun pixka bat.

Estiloekin jolastea, erreferentziak bilatzea, jotzea, baina batez ere asko entzutea, ezagutzak elkartzea eta lan gogorra egin behar dela ulertzea. Hazi egin ginen, eta eraikitakoa gauzatzeko garaia zela erabaki genuen. Han, hainbat aukera aztertu ondoren, Drum Groove Studiora jo genuen, Josu Ervitirekin grabatzeko.
Abenduaren amaieran hasi ginen, eta urtarrilean akitu. Prozesuaz gozatu genuen, Ervitik hain beharrezkoa den kanpoko ikuspegi hori ematen zigun bitartean. Diskoa otsailaren amaierarako nahasita eta masterizatuta zegoen. Bitartean, eta ia hasieratik, irudikatu nahi genuen diseinu eta estetikan pentsatu genuen, eta bagenekien noren eskuetan utzi nahi genuen lan hori: Juan Angel Perotxena, Malmo Illustration & Design
proiektua daraman pertsonetako bat.
Udan gure kontzertu bat ikusi eta laguntza eskaini nahi zigula ezagutarazi zigun, gogo handiz ulertu nahirik zein zen Bakarrilketaren kontzeptu orokorra eta gai bakoitzaren muina. Honela, giro fantastiko eta ilunarekin unibertso bat sortzeko gai izan da, kontzeptu edo ideia bakoitzerako irudi bat sortuz.

Horregatik guztiagatik, gure logoaren elementu edo irudi nagusia marmoka bat da, bai erranahi mitologikoagatik eta bere itxura zintzoagatik, barnean elektrizitatea edukiko badu ere. Diskoaren azalean ikus dezakegu nola ihes egiten duten marmokek pertsona baten barne-unibertsotik itsaso ilun eta leun baterantz, gure pentsamendu eta ametsen metafora gisa, leku ezezagun batera ihesean, ekidin ezin den zerbait izango balitz bezala.

Covid-19 delakoaren ondorioz, “Bakarrilketa” uste baino beranduago plazaratuko dugu, baina segurtasun handiz, ederra baita lan honek berekin dakarren eta ekarriko duen guztia defendatzea, gogo osoz.

Comentarios

Entradas populares de este blog

Juan Saurin "La Luna Abraza al Sol" (Directo con Neus Ferri)

"Face The Maybe" presentan su primer álbum en directo.

EPICUREA LANZA SU DISCO DEBUT “EL ELEGIDO”